Artez Hezi

Gipuzkoa

Gizarte erakundeen eta programatzaile kulturalen egunerokoan artea tresna hezigarri gisa erabili nahi duten bitartekari, hezitzaile, terapeuta, zaintzaile eta erabiltzaileei zuzenduta dago. Arte eszenikoetan, musikan, dantzan, arte bisualetan eta arte plastikoetan prestatzea barne hartzen du.

Artez Hezi formakuntzari esker, hezitzaile-lana indartu eta dimentsio berri bat emango diozue, diziplina artistiko ezberdinak txertatuta.Artea eguneroko bizitzan sartzen denean, nabari da!

2025eko Artez Hezi tailerrak:

"Gorputzarekin elkarrizketan". Hodei Iriarte eta Alberto Serrano

Deskribapena

Hodei Iriartek eta Alberto Serranok sortutako "Gorputzarekin elkarrizketan" tailerra saio bakar batean garatuko da. 

Tailer honen proposamena gizakiok gure baitan etengabe darabilgun barne-elkarrizketa eta gure gorputzaren adierazkortasuna modu kontzientean uztartzea da. Zientifikoki egiaztatuta dago gure buruari zuzentzen dizkiogun hitzek eta pentsamenduek eragin zuzena dutela gure errealitatearen pertzepzioan eta ongizatean, bai modu eraikitzailean, baita mugatzailean ere. Hitzek botere eraldatzailea dute.

Saio honetan, beraz, hitzaren potentzial horrekin jokatuko dugu, baina ez bakarrik gogoetaren mailan; gorputzaren mugimenduarekin elkarrizketan jarriko dugu. Hitza eta gorputza sinkronian aritzea bilatuko dugu, elkarren osagarri bihur daitezen. Horretarako, hainbat dinamika eta tresna baliatuko ditugu: besteak beste dantzaren esplorazioa, edo gorputz-pertzepzioa lantzeko ariketa espezifikoak. Helburua ez da teknika artistiko bat menderatzea, baizik eta gure barne-mundua eta kanpo-adierazpena lotzen dituen zubia zeharkatzea.

  • Data: Abenduak 5, ostirala
  • Ordutegia: 10:15-12:00
  • Norentzat: 16 urtetik gorako pertsonei zuzenduta dago. 
  • Baldintzak: Ez da beharrezkoa aldez aurretik dantzari buruzko inolako ezagutzarik edo esperientziarik izatea, soilik mugitzeko gogoa eta norbere burua entzuteko jarrera irekia. 
  • Plazak: 15 pertsona
  • Lekua: Gipuzkoako Dantzagunea, Errenteria.

Tailerrean parte-hartzeko arropa erosoa eramatea komenigarria da (kamiseta, txandala eta jertse bat, adibidez) eta ur botila bat. 

*Plaza mugatuak dira, parte-hartzeko izen-ematea beharrezkoa da: gipuzkoa@gertukultura.org

 

Hodei Iriarte Kaperotxipi (Zarautz, 1993). Dantzaria eta sortzailea

Ballet klasikoko ikasketak Madrilgo Real Conservatorio Profesional de danza Mariemma-n osatu zituen.

Bere ibilbide profesionala dantzari garaikide gisa hasi zuen Poloniako Baltic Dance Theatre n (2013-2015) eta Pragako Chamber Ballet-en (2015-2016). Ondoren, dantzari bakarlaria izan zen Austriako Landestheater Linz konpainian (2016-2019). 2019an freelance artista gisa hasi zen, Alemania eta Austriako antzokietan kolaboratuz.

Dantzari izateaz gain, konpositore gisa interes handia garatu du, eta hainbat dantza eta antzerki ekoizpenetarako musika sortu du, hala nola Prima Facie. Eszenografia eta jantzi laguntzaile gisa ere aritu da, baita koreografo gisa ere. Gaur egun, sorkuntza artistikoa eta ikerketa Kataluniako Unibertsitate Irekiko ikasketekin uztartzen ditu.

Alberto Serrano (Chicago, 1997). Dantzaria eta sortzailea

Dantzako Unibertsitate Gradua Institute of the Arts Barcelona-n osatu zuen.

Bere ibilbide profesionala Martz Dance Co-rekin hasi zuen, eta harrezkero hainbat konpainiarekin lan egin du, besteak beste, Ballet Contemporani de Catalunya , Company Wayne McGregor, Metamorphosis Dance eta Thomas Noone Dance. 2017an Moskuko Bolshoi Antzokiko lehiaketan parte hartu zuen, eta 2024an, Wayne McGregor-ek zuzendutako Biennale College Danza-n parte hartzeko hautatua izan zen.

Sortzaile gisa, hainbat lan garatu ditu jaialdietarako, adibidez Umbre (2022) eta Touch of Your Hue (2023). Bere Fornow duoak (Ana Rosa-rekin kolaborazioan) hainbat sari jaso zituen Valentzian, Interprete Maskulino Onenarena (AISGE saria) eta Areto Pieza Onenarena. Mugimenduaren eta neurozientziaren arteko elkargunea ere aztertzen du , eta irakasle gonbidatua da Institute of the Arts Barcelona-n.

 

Artez Hezi programa Gipuzkoako Dantzagunearekin lankidetzan garatzen da. 

Goiburuko argazkia: Gorka Bravo.

 

Egindako Artez Hezi tailerrak:

 

Artez Hezi tailerrak 2024

"Gorputzak mugimenduan". Alba Fernández. Gipuzkoako Dantzagunea. Tailerretik sortutako formakuntza baliabideak.

Artez Hezi tailerrak 2025

"Sorkuntza komunitarioko laborategia. Okupa". Oihana Varela

  • Datak: urriak 9 eta 23
  • Ordutegia: 10:30-12:30
  • Plazak: 20
  • Lekua: Gipuzkoako Dantzagunea, Errenteria

Oihana Varela. Sortzailea eta osteopata

Euskadin, Catalunian, Frantzian eta Belgikan ikasi dut dantza.

Gorputzaren mekanismoa ulertu nahiean, osteopatia ikastea erabaki nuen. Lehenengoz nere gorputza ulertzeko ikasi nuen , baina azkenean bizitza ulertzeko nere bidean bilakatu da.

Bai dantzak eta bai osteopatiak gauza amankomunak zituztela ikusita, biak batu ditut, eta entrenatzeko modu bat sortu dut, ”Osteopatía aplicada a la danza”. Gorputzaren barneko mugimendua arakatzen dugu, inprobisazioan eta sorkuntzan erabiltzeko.