Berriak

Gertu Kulturak Eskubide Kulturalak aldarrikatu ditu, Bizkaian hasitako bidearen lehen urteurrena ospatzeko egindako jardunaldian

Gertu Kulturaren urteko jardunaldien lehen edizioan, kalteberatasun egoeran dauden pertsonen kulturarako sarbide- eta partaidetza-eskubidea aztertu zen, giza eskubideen ikuspegitik

Gertu Kulturak, Bizkaiko kultura eta gizarte sektoreak modu egonkorrean lotzen dituen sareak, Kultura Eskubideen lehen Jardunaldia egin du gaur, ekainaren 9an, Bilboko BBK Salan eta, aldi berean, lurraldean egindako lehen urteurrena ospatu du. 

Bizkaian lehen urtea bete ondoren, “Kultura zurea da. Zure eskubidea da” kultura eskubideen jardunaldia egin da. Sentsibilizazio eta aldarrikapen gune horrek kalteberatasun egoeran eta gizarte bazterketa arriskuan dauden pertsonen kultura eskuratzeko eta kulturan parte hartzeko eskubidea jarri du eztabaidaren erdigunean, giza eskubideen ikuspegitik.

Kultura profesionalen, erakundeetako ordezkarien, giza eskubideetan adituen eta gizarte eragileen arteko elkarrizketaren bidez, esparru kulturalean dauden desberdintasunak aztertu dira jardunaldian eta kultura irisgarriago, inklusiboago eta parte-hartzaileago baterantz aurrera egiteko estrategiak landu dira. “Kultura zurea da. Zure eskubidea da” lelopean, jardunaldietan kultura eskubideen bermea giza eskubideen funtsezko osagai gisa aldarrikatu da, eta hainbat kolektibok kultur arloan parte hartzeko dituzten oztopoak ezabatzeko beharra azpimarratu da. 

Gertu Kulturak Bizkaian hazten jarraitzen du eta kulturaren eta pertsonen arteko zubi gisa duen eginkizuna indartzen joan da sorreratiko lehen urtean. 2025eko maiatzetik, 3.500 pertsonak baino gehiagok parte hartu du sareak sustatutako 290 kultura-esperientziatan. 

Aurreapauso hori posible izan da 30 kultura-programatzaileren konpromisoari eta lurraldeko 149 gizarte-zentroren lankidetzari esker. Bizkaiko Gertu Kultura sarea egunetik egunera hazten ari da, aliantza berriak sortuz eta kultura eta gizarte sektoreen arteko topaketarako aukerak eskainiz, kultura pertsona guztiengana iritsi dadin bermatzeko.

Descripción: 
Gizarte-klaseak, jatorriak, bizilekuak, gure egoera fisikoak, intelektualak, sentsorialak eta generoak, besteak beste, gure eskubide kulturalen bermea eta bizitza komunitarioan dugun parte-hartzea baldintzatu dezakete. Gertu Kultura Bizkaiaren lehenengo urtean, sentsibilizazio- eta aldarrikapen-jardunaldia ospatzen dugu, kalteberatasun-egoeran eta gizarte-bazterketa jasateko arriskuan dauden pertsonen kultura-arloko sarbide- eta partaidetza-eskubidea eztabaidaren erdigunean jartzeko, giza eskubideen ikuspegitik.