Berriak

Kultura-ingurune inklusiboagoak

Goyeneche Fundazioko Amarako Garagunearekin batera diseinatutako "Haritik tiraka. Kultur-esperientzia lagunkoiak 2025" programaren barne egindako lehenengo zikloa aurkezten dugu, kultur espazioen irisgarritasun kognitiboa hobetzeko
Gertu Kultura

Udazken honetan, kultura-ingurune inklusiboagoak sortzeko Gertu Kulturaren lan-ildoaren barruan, "Haritik tiraka. Kultur-esperientzia Lagunkoiak" programa abiarazi dugu.

Helburua konfiantza eta ongizatea sortuko duten gizarte-harremanetarako espazio egonkorrak sortzen laguntzea da, pertsonen arteko loturak sustatuko dituztenak eta kultura-espazioetan interakzio aktiboak erraztuko dituztenak, artearen eta kultura-ondarearen aukeren bitartez, gizarte-aniztasunak bereganatzetik abiatuta.

Irailean eta urrian Goyeneche Fundazioko Amarako Garagunearekin lankidetzan formakuntza ziklo bat garatu dugu, Donostiako eta inguruko museoetako kultura-bitartekariei zuzenduta, haien espazioetako irisgarritasun kognitiboa hobetzeko helburuarekin. Hiru formakuntza saio antolatu ditugu eta zikloa San Telmo Museoan egindako bitartekotza-esperientzia batekin itxi dugu. Garaguneko erabiltzaileak izan dira esperientzia honen balidatzaileak. 

Proiektuaren metodologia: hausnarketa egitea, entzutea, partekatzea, beharrak identifikatzea, diseinatzea, prototipatzea, ebaluatzea eta praktika inklusiboagoetarantz aurrera egitea.

Eskerrik asko Garagune Amarako arduradun Leyre Lasari, Garaguneko lankide parte-hartzaileei, hasieratik izan duten ilusio eta inplikazioagatik. Eta eskerrik asko Museum Cemento Rezola, Euskal Itsas Museoa eta San Telmo Museoa, saio hauek garatzeko zuen ateak ireki dizkiguzuelako. 

Kultur-gune Lagunkoiak programarekin azarotik aurrera jarraituko dugu Gautenaren eta Gipuzkoako hainbat diziplinatako kultur-ekipamenduen parte-hartzearekin. Bigarren ziklo hau 2026an amaituko da, kultura-ekintzako profesionalentzako jarraibide eta gomendioen gida transferigarriak sortuz.